Langabezia gorantz Hego Euskal Herrian

miércoles, 5 de octubre de 2011
Gizonezko bakoitzeko ia bi emakume daude langabezian

Irailean langabeziak berriro gora egin du Hego Euskal Herrian, lehenagotik larria zen egoera are gehiago okertuz. Honen aurrean azken boladan instituzioetatik, "merkatuei" men eginez, langileria bortizki kaltetzen dituzten neurri neoliberalak ezarri dizkigute.

Murrizketa larriak iragarri dituzte defizita murrizteko aitzakiaz, aldiz, fiskalitate justuago baten aldeko pausoak baztertzen dituzte, eta proiektu erraldoi xahutzaileak gelditzerik ere ez dute onartzen. Finean, egoera hau sortu duten politiketan sakontzen ari dira, kapital handien interesen aldeko politikak.

Langabezia bortitz hau langileriak orohar pairatu arren, adierazgarri da ikustea irailean ere langabeziak jendarteko zein sektore astindu dituen bereziki: emakumeak eta gazteak.

Emakume langabetuetan eman den igoera gizonezko langabetuen kopuruan eman den igoeraren ia bikoitza da. Izan ere, emakume langabetuak 1.582 gehiago izan dira irailean, gizonezkoak, aldiz, 806. Azken 12 hilabeteetako datuak kontuan hartuz, emakumeetan 8.398 eta gizonezkoetan 4.203 dira igoerak urrenez urren. Zifrak bertze behin hagitz adierazgarriak dira, emakumeek jasaten duten bazterketa eta zapalkuntzaren isla argia baitira.

Gazteen kasuan %5'76 igo da langabezia irailean, Hego Euskal Herriko igoera globala %1'31 izanik. Hau da gazteoi eskaintzen diguten etorkizuna, langabezia eta prekarietatea. Lan esku merke eta ordezkagarri izatera kondenatu nahi gaituzte, enpresei etekinak maximizatuko dizkien lan indarra.

Azkenik ezin dugu ahaztu, hamar langabetutik lauk ez dutela langabezi prestaziorik jasotzen, gainera egoera hau denboran luzatzen ari da egunetik egunera bazterketa arriskua areagotuz, azken aldian ahoz aho dabiltzan desjabetze eta antzeko ondorio larriak ohikoago eginaz.


0 comentarios: