Gehiengo sindikala Madrilen izango da apirilaren 5ean langileen lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko

jueves, 31 de marzo de 2011

Euskal gehiengo sindikalak "Gure lan eta bizi baldintzat erabakitzeko eskubidearen alde "Pentsio eta negoziazio kolektiboaren erreformei ez" aldarrikatzeko manifestazioa iragarri du apirilaren 5erako Madrilen.

ELA-LAB-STEE/EILAS-EHNE eta HIRU sindikatuek Espainiako gobernuak krisia hasi zenetik hartu dituen neurri antisozial sakonak gogoratu eta hauek azken hamarkadetan, langileriari dagozkion eskubideei eta herri sektoreen bizi eta lan baldintzei egin zaien erasorik larriena izan direla salatu dute gaur Bilbon. Besteak beste, lan erreforma enpresa interesen mesedetara baino ez dela egin aipatu eta isilpean burutzen ari den negoziazio kolektiboaren erreforma zentralizatuz estatuko esparrua indartzeko helburuarekin datorrela salatu dute.

Era berean, CCOO eta UGT sindikatuek eskubide murrizketa hauei emandako estaldura "soziala" kezkagarritzat jotzeaz gain, bi sindikatu hauek defendatzen duten estatu ereduarekin bat ez datozela esan dute, azken honek egun diren nazio errealitateen ukazioan oinarritzen den zentralismoa eusten duelako.

Gehiengo sindikalak bestelako eredu ekonomiko baterako proposamenak eta alternatibak jadanik mahai gainean jarri ditu eta guzti hauek gure herritik eta euskal langileriaren kezken eta interesetatik pasatzen direla azpimaratu du.

Guzti honengatik, euskal gehiengo sindikalak mobilizatzea eta konfrontatzea erabaki du. Modu honetan soilik lortuko baita lan harremanen eta babes sozialaren sistemaz nahiz Euskal Herrian izan behar den negoziazio kolektiboaren eredua erabakitzeko eskubidea bermatzen duen lege ahalmena.

0 comentarios: