MANIFESTAZIO NAZIONALA

jueves, 8 de julio de 2010

LABek euskal langileriari, euskal herritarrei dei egiten die larunbatean Donostian Nazioa gara, autodeterminazioa lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera.

LAB sindikatuak bere atxikimendua adierazi nahi die larunbat honetan, uztailak 10, Euskal Herrian zein Catalunyan autodeterminazioaren alde deitutako bi manifestazioei.

Nazioa gara, autodeterminazioa. Nolastres decidim, som una nació. Lelo bi, aldarrikapen bera, erabakitzeko eskubidea, nazio izaeraren aitortza. Catalunyar Estatutaren aurkako sententziarekin Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren izaera begibistan geratu da beste behin. Burujabetzaren, autodeterminazioaren, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriek ez dute tokirik Espainiar konstituzioan, eta ukazioaren bidetik, eskubideon aldarrikapena isilarazi nahi digute bai Euskal Herrian, bai Catalunyan. Hara hor paradoxa, eskubideen berme izan beharko lukeen zuzenbide estatua bera, eskubide zapaltzaile; ez da berria, Espainiak duen kultura demokratikoaren adibide bat gehiago baizik.

Herrien Europan geure tokia nahi dugu, nazio gisa, aurretik Eskozia, Irlanda edota Groenlandia bezalako herrialdeek urratutako bideari jarraiki. Ukazioen gainetik, herri, nazio horiek abiarazitako bidea geldiezina da, horretan ziur gaude; orain, eragile politiko, sozial eta sindikaloi, bakoitzari bere esparruan lan egitea dagokigu, bidean jarri dizkiguten eta jarriko dizkiguten zangotraba guztiak gainditzeko. Gaur gaurkoz beharrezkoak ditugun aldaketa ekonomiko eta sozialak gauzatzeko aldaketa politikoak behar ditugu, eta aldaketa horiek erabakitzeko eskubidearen aitortza behar dugu euskal herritarrok.

Ausardiaz eta erantzukizunez jokatzeko unea da, eragileen arteko elkarlanean sakonduz, aurrerapausoak emateko garaia. Geure eskubideen aitortza eskatzen dugu, geure hitza eta erabakia errespetatzea, izan bagaren hori guk geuk libreki definitu eta eraikitzeko eskubidea, nazio gisa, subjektu gisa, geure erabakien jabe eta erantzule bakar moduan.

Zentzu horretan, hitzordu bikoitza dugu larunbatean, Donostian bata eta Bartzelonan bestea. Herritarrei, langileriari dei egiten diegu manifestazioekin bat egiten eta aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko, nazioa garelako, autodeterminazioa!

0 comentarios: